ONGI ETORRIAK EIBARKO IKASTOLAKO LIBURUTEGIRA




EIBARKO IKASTOLAKO LIBURUTEGIAREN BLOGA IREKI DUGU.

BERTAN IPUINAK IRAKURRI, LIBURUEN BERRI IZAN ETA GURE KANPAINAK IKUSTEKO AUKERA IZANGO DUGU.






AHOTSAK EIBARKO IKASTETXEETAN

ahotsak.com-etik hartuta


Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan Ahotsak.com webguneko testigantzak erabiltzen ari dira, Eibarko lau ikastetxetan. Ikasturte honetan jarraipena emango diote iaz hasitako proiektuari.
Eibarren, Ahotsak-eko materiala hezkuntzan erabiltzen hasi ginen 2010-2011 ikasturtean. Udalarekin elkarlanean. Eibarko ikastetxe guztiei egin zitzaien proposamena, eta hiru izan ziren parte hartzea erabaki zutenak: Aldatze ikastetxea, Juan Antonio Mogel Ikastola eta San Andres ikastetxea. Gero, Arrateko Andra Mari ikastetxea ere animatu zen.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan erabili dituzte Ahotsak proiektuan bildutako lekukotasunak. Irakasleek eskolan lantzeko aproposak diren gaiak aukeratu zituzten, eta gai horiekin lotutako pasarte zerrenda bat osatu genuen, gero ikasgelan erabiltzeko. Irakasle batzuek beraien kabuz ere egin dituzte bilaketak, eta egoki iritzitako pasarteak aukeratu.

Haur Hezkuntzan kantuak eta jolasak erabili dituzte batez ere, jolastokian, haur txikiekin. Lehen Hezkuntzan, berriz, hainbat gairekin lotutako pasarteak ikusi dituzte: Eibarko eraikinak, Gabonak, Santa Ageda, Eibarko bonbardaketa, Armeria eskola... Irakasle bakoitzak bere erara egin zuen lanketa. Mogel ikastolan, ikasgelan ez ezik liburutegian ere erabili dute materiala. Arrateko Andra Marin, berriz, lehiaketa bat antolatu zuten: Gabonekin lotutako pasarte bat entzun zuten bozgorailuetatik, ikastetxe osoan. Hura entzunda, ikasleek galderak erantzun behar zituzten; txikienek marraztu egin zuten. Kutxa batean sartu zituzten erantzunak, eta irabazleari liburu bat oparitu zioten.

Ahozko ondarea jaso eta erabiltzaileen eskura jartzea da Ahotsak proiektuaren helburua. Eta hasieratik pentsatu dugu ikastetxeetan erabiltzea oso aberasgarria izan daitekeela, bai hizkeraren ikuspegitik eta baita herriko ohiturak eta historia ezagutzeko ere. Udalen eta ikastetxeen aldetik ere bazegoen interesa. Horregatik, 2010. urtean Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxean eta Eskoriatzako Arizmendi ikastolan lehenengo probak egiten hasi ginen. Geroxeago, Eibarko ikastetxeekin. Hiru herriotako proiektuak aurrera doaz, orain arteko emaitzak onak izan baitira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario